OINARRIAK

GIZARTE EKONOMIAREN CANTERA SARIA

SARIAREN XEDEA

“Txemi Cantera saria” enpresa-ekimen kolektiboen bitartez gizarte-aldaketak sustatu dituzten erakunde eta partikularren ibilbidea aitortzen duen prestigiozko sari bat da. Lana eta garapen ekonomikoa tarteko, beren inguruari mesede egitea da ekimen horien aberastasun handiena.

ASLE enpresa-elkarteak 1991. urtetik antolatzen du sari hau, Txemi Canteraren omenez: Euskadiko lan-sozietateen mugimenduaren defendatzaile nekaezina bera, langileek enpresen jabetzan eta kudeaketan parte-hartze aktiboa izatea azpimarratu zuen.

Sari honen esparruan, eta sari historikoaren osagarri, kategoria berri bat eratu da: “Gizarte Ekonomiaren Cantera”, funtsezko balio hauekin daukaten konpromisoagatik nabarmentzen diren 10 urtetik beherako proiektu hasi berriak aitortu, nabarmendu eta prestigioz hornitzeko:

  • Parte-hartzea, konpromisoa eta lankidetza: Proiektu partekatuak izatea eta langileek kudeaketan eta erabakietan esku hartzea, bultzada emateko, lehiakortasunerako eta arrakasta kolektiborako. Besteak beste, honako hauek sartzen dira: erabaki estrategikoetan parte hartzea sustatzea, enpresaren helburuekin bat datozela ziurtatuz; emaitzetan parte hartzea, erakundeko kide izatearen sentimendua eta motibazioa indartzeko elementu gisa; talde autogestionatuak eta sare-lana sustatzea arintasuna eta berrikuntza hobetzeko; eta ahalegina eta dedikazioa aitortzea, pizgarriak eta lanbidean garatzeko aukerak emanez.
  • Berrikuntza eta egokitzapena: Berritzeko eta aldaketetara egokitzeko gaitasuna izatea, lehiakortasuna eta balio bereiziaren ekarpena ziurtatzeko. Hau da, irtenbide berritzaileak garatzea, gizartearen eta enpresen erronkei ekiteko; sormena eta barne-ekintzailetza sustatzea; ikerketa-zentroekin, startup-ekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean aritzea irtenbide berriak garatzeko; merkatura egokitzea, digitalizazioaren bitartez eta prozesuak modernizatuz; eta balioa eta lehiakortasuna dakarten produktu eta zerbitzuak sortzea.
  • Jasangarritasuna eta gizarte-erantzukizuna: Hazkunde ekonomikoaren eta gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren arteko oreka bilatzea, enpresaren arrakasta bermatzeko. Horrek esan nahi du jardunbide jasangarriak hartzen direla ingurumen-inpaktua minimizatu eta jardueraren eraginkortasuna hobetzeko, merkatuaren beharrei eta ingurumen-erronkei erantzuten dieten produktu eta zerbitzu jasangarriak garatzen direla, gizartean eta ingurumenean eragina duten proiektuetan inbertitzen dela, baliabide naturalak eraginkorki erabiltzen direla, eta karbono-aztarna murrizten dela.
  • Ekitatea eta inklusioa: Aniztasuna eta aukera-berdintasuna egoki kudeatzea, lehiakortasuna eta barne-kohesioa indartuz, eta pertsona bakoitzari arrakasta kolektiboan laguntzeko aukera emanez. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu barnean: aukera-berdintasunerako politikak; lan-baldintza duin eta justuak bermatzea langile guztientzat; aniztasuna sustatzea enpresaren maila guztietan, zuzendaritza-postuak barne; kontziliazio-programak ongizatea eta produktibitatea hobetzeko; eta desberdinkeriak edo diskriminazio-egoerak hautemateko eta lantzeko egiturak.
  • Gardentasuna eta gobernu ona: Kudeaketa etiko eta gardenaz, konfiantza sortzea eta bezero, erakunde hornitzaile eta aliatuekiko harremana indartzea. Alderdi hauetan ageri da: egoera ekonomikoari eta emaitzei buruzko komunikazio argia eta eskuragarria izatea; printzipio etikoetan eta kontu-ematean oinarritutako gobernantza-sistemak ezartzea; enpresaren inpaktu sozialaren ebaluazio jarraitua egitea eta bilakaera ona duela begiratzea; eta emaitza ekonomikoei, sozialei eta ingurumenaren gaineko emaitzei buruzko kontuak ematea aldian behin.
PERTSONA ETA PROIEKTU PARTE-HARTZAILEAK

Parte hartu ahal izango dute:

  • Egoitza edo jarduera Euskadin duten enpresak, ekimen berriak badituzte martxan, eta parte-hartze aktiboaren, ekitatearen, gobernantza demokratikoaren, justizia sozialaren eta ingurunea eraldatzeko apustu argi baten adierazgarri badira.
  • Hamar urtetik beherako ibilbidea duten proiektuak, haien forma juridikoa edozein dela ere (lan-sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarteak, startup sozialak, eta beste), partaidetzazko eta elkartasunezko enpresa-eredu bat sustatzen badute, inguruan inpaktu mesedegarria duena.
KATEGORIA ETA SARIA

Kategoria bakarra: Gizarte Ekonomiaren Cantera sariak kategoria bakarra du; haren helburua talde-ekintzailetzaren eta Gizarte Ekonomiaren balioak argi eta garbi ordezkatzen dituen ekimen gazte eta eraldatzaile bat saritzea da.

Saria hau izango da:

  • Eskultura original bat, Miguel Sabas artistak abangoardiako IED Kunsthal Bilbao eskolarekin lankidetzan diseinatua, sormenaren, konpromisoaren eta gizarte-eraldaketaren sinbolo gisa.
  • 3.000 €-ko dirulaguntza bat, proiektuari jarraitutasuna emango dioten aholkularitza-zerbitzuetan erabiltzeko, funtsezkoak diren eremu batzuetan, hala nola kudeaketa, gobernantza, talentua, konpromisoa, salmentak, negozioaren garapena, lehiakortasuna, marketina, eraldaketa digitala eta jasangarritasuna, besteak beste.
PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Onartuak izateko, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Benetako ekimen bat izan behar da, martxan dena eta duela gutxi garatua.
  • Oinarri hauetako 1. atalean definitutako funtsezko balioekin bat etortzea.
  • Sari hau aurreko urteetan ez irabazi izana.
  • Indarrean dauden lege- eta zerga-betebeharrak egunean dituztela frogatzea.
  • Eskatutako dokumentazio guztia aurkeztea, ezarritako epearen barruan.

Enpresa bakoitzak hautagaitza bakarra aurkeztu ahal izango du.

PROIEKTUEN AURKEZPENA

Bete gabe, epez kanpo edo gaitu ez diren bideetatik aurkeztutako hautagaitzak automatikoki utziko dira kanpoan.

BALORAZIO-BATZORDEA ETA EPAIMAHAIA

Epaimahaia instituzioetako, akademiaren arloko, enpresagintzako eta Gizarte Ekonomiaren ekosistemako adituz egongo da osatua, eta pluraltasun-, profesionaltasun- eta konpromiso-irizpideei jarraituz aukeratuko dira.

Osaera:

  • ASLEko ordezkariak.
  • Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza.
  • Bizkaiko Foru Aldundia.
  • Erakunde babesleetako kideak.
  • Ekintzailetza-ekosistemako erakunde kolaboratzaileetako ordezkariak.
  • Estatuan nahiz nazioartean, Gizarte Ekonomiaren alorrean prestigio aitortua duten pertsonak.

Epaimahaiak prozesuaren inpartzialtasuna bermatuko du, eta haren erabakiak apelaezinak izango dira.

BALORAZIO-IRIZPIDEAK

Hautagaitzak irizpide hauen arabera ebaluatuko dira:

Irizpidea (balioa) Deskribapena Gehieneko puntuazioa
1
Parte-hartzea, konpromisoa eta lankidetza
Zenbateko inplikazioa duten langileek kudeaketan, erabakiak hartzean, sare-lanean eta emaitzen banaketan. 25 puntu
2
Jasangarritasuna eta gizarte-erantzukizuna
Proiektua denboran zehar jarraitua izateko jardunbide mesedegarriak txertatu diren: erreleboa, ingurumenarekiko konpromisoa, aliantzen garapena, ingurumenaren zaintza, eta abar. 20 puntu
3
Berrikuntza eta egokitzapena
Gizartearen, ekonomiaren nahiz antolamenduaren arloko erronkei konponbide berritzaileekin erantzuteko gaitasuna duten, digitalizazioa eta kanpo-aliantzak barne. 15 puntu
4
Ekitatea eta inklusioa
Berdintasunerako, aniztasunerako, kontziliaziorako eta pertsona guztiek lan-baldintza duinak izateko politikak dituzten. 15 puntu
5
Gardentasuna eta gobernu ona
Komunikazioa argia eta kudeaketa etikoa den, kontuak ematen diren eta inpaktua ebaluatzen den. 25 puntu
GUZTIRA 100 puntu
SARIA JAKINARAZTEA ETA EMATEA

Publikoki jakinaraziko da zer hautagaik irabazi duen, Gizarte Ekonomiaren Cantera sarirako aurreikusitako Komunikazio Planaren arabera.

OINARRIEN ONARPENA

Sari honetan parte hartzeak esan nahi du erabat onartzen direla oinarri hauek, baita epaimahaiak eta antolatzaileek hartutako erabaki guztiak ere.

Antolatzaileek antolamenduzko alderdiak aldatzeko eskubidea izango dute ustekabeko arrazoiak direla-eta beharrezkoa bada, prozesua gardena izango dela bermatuta.

DATUEN BABESA ETA IRUDIAREN ERABILERA

Bildutako datu pertsonalak 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) eta indarrean den araudiaren arabera tratatuko dira, saria kudeatzeko soil-soilik.

Parte-hartzaileek beren izena, logotipoa eta proiektuaren irudia erabiltzeko baimena ematen diote ASLEri, xede instituzional eta promozionaletarako, muga geografikorik edo denborazkorik gabe. Antolatzaileek informazio sentikorraren edo zabalkunde publikorako ez den informazioaren konfidentzialtasuna bermatuko dute.

LEGERIA ETA JURISDIKZIOA

Oinarri hauek Espainiako legeriak arautzen ditu. Edozein gatazkarako, alderdiak berariaz jartzen dira Bilboko Auzitegi eta Epaitegien mende, beste edozein jurisdikziori uko eginik.

Harremana


Galderarik baduzu? Entzuten zaitugu.

©ASLE · Irabazi-asmorik gabeko enpresa elkartea